“Desberdintasuna naturala dela sinetsarazi digute; hori haien garaipena izan da”

[Bizkaiko hitza] Emakumeak, ipuinetako printzesa izaera inposatua galdu, eta euren buruen jabe bihurtzeko tailerrak abiatu ditu Faktoria Lilak. Irantzu Varela (Portugalete, 1974) da hezitzaileetako bat. Asteon hasi dituzte eskolak, baina oraindik ez da izena emateko berandu. Beraz, norbaitek nahi badu, ondoko bide hau dauka horretarako: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidera idatzi. Zalantzak argitzeko: Faktoria.com.



Zer da, labur esanda, Faktoria Lila?
Feminista izango den esparru bat sortzen saiatu gara. Sortzailea, hezigarria eta ekintzailea ere izatea nahi dugu. Emakume askok kezkaren bat daukate; ezinegon horri izen bat eta forma eman nahi diote, eta, batez ere, ekin egin nahi dute. Jarduera feminista bat da hori, emakume horiek, batzuetan, oraindik jakin ere ez dakiten arren.

Gaur egun oraindik gizarteko dinamika askok emakumeak ipuinetako printzesa bihurtu nahi izatera bultzatzen dituztela diozue. Zeintzuk lirateke dinamika horiek?
Edertasuna helburu duen industria eta publizitate oro, batetik. Emakumeari inposatu egiten zaio edertasunari ezarritako arauak bete beharra, gizarteak edertzat jotzen duenari jarraitu beharra, hain justu. Horrez gain, bigarren mailako langile eta herritartzat gaituzte oraindik. Nahi izan ala ez, emakumeak umeak izan behar dituela uste du gizarteak. Oso jarrera pasiboa hartzera behartzen da emakumea.

Zer-nolako eragina du horrek?
Nik ezagutzen ditudan emakume gehienek ez dute euren burua zoriontsu izateko modukotzat. Maitasun erromantikoa bizitzeko erari dagokionez ere, badirudi zain egon behar dugula gizon batek konkista gaitzan, eta maitasuna aurkitzen dugunean gure bizitzako alor guztiek konponbidea izango dutela. Egun, ordea, 14 eta 44 urte artean hiltzen diren emakume gehienak bikotekidearen indarkeriaren ondorioz hiltzen dira. Hezi gaituzten maitasun eredu hori, beraz, oso txarra da.

Zelan eman buelta egoera horiei?
Historian egon den jakintza feminista guztiaz baliatuko gara, eta gure bizitzako esperientzian aplikatuko dugu. Guregana jo duten emakume orok zerbait gaizki dabilen sentipena du. Jabetu dira gizarteak ezarri digun eginbeharra tranpa bat dela. Beraz, aztertzen dugu zelan alda ditzakegun gauza horiek emakume bakoitzaren bizimoduan ezagutza feministatik ikasitakoaren bitartez.

Ikusita sistema zelan dagoen eratuta, erraza al da aldaketa hori?
Ez. Dena den, azken 50 urteetan mugimendu honetan hasitakoek pentsatuko ez luketen aldaketak eragin ditu feminismoak. Iraultza oso arrakastatsua izaten ari da. Zaila da, baina planetako populazioaren erdia gara. Borroka feministaren barruan ahizpak bagina bezala elkar hartzen dugun egunean, errazagoa izango da.

Emakumea bera kontzientziatu beharra sumatzen duzue?
Bai, gaur egun daukagun arazo larriena da emakumeak berak sinesten duela desberdintasuna dela egoera normala, desberdintasun sistema hain ondo planteatuta dagoelako. Doan lan egitea, doan zaintzea, besteen beharrizanak geureen gainetik asetzeko nahia... Gure naturaren baitakoak direla uste dugu. Desberdintasuna naturala dela sinetsarazi digute, eta hori haientzako garaipen handi bat da.

Zelakoa izan da tailerron hasiera?
Oso interesgarria. Oso soslai desberdinetako emakumeak datoz, eta, prozesu feministari dagokionez ere, oso une desberdinetan daude. Tailerrak modu positiboan egiten saiatzen gara, baita era dibertigarrian ere. Biktimismoa eta pesimismoa alde batera uzten ditugu. Emakumeok besteen beharretan barik geure buruarengan pentsatzen hasten garenean izango dugun indarra geldiezina izango da.