Desprintzesatze lantegia

XXI. mendean, emakumeak ez gaude jadanik dorre batean zain, handik aterako gaituen printzea noiz etorriko. Baina gizarte-dinamika asko daude “printzesa”izateko nahia piztu nahi digutenak..

 

taprincesa.jpg

Ezinezko edertasun eredu bat inposatzea, desberdin egiten gaituen maitasun erromantiko baten ideia eraikitzea, emakume ezkongabea gabeziazko egoeran bizi dela ikustaraztea, gure desioak beste pertsona batzuenen azpitik jartzea, etxean eta kanpoan egiten dugun lana ez aitortzea... Gai horiek betiko egiten gaituzte pasibo, eta oztopo izaten dira guk nahi dugun bizimodua izateko.

Lantegian hori landuko dugu: dinamika hauek gure emakume izateko moduan duten eragina aztertuko dugu, eta bakoitzak nahi duen emakumea izateko erremintak planteatuko ditugu.

Lantegiak 4 gai-multzo izango ditu, eta horietako bakoitzari 5 saio eskainiko dizkiogu:

  • Emakumeei inposatzen zaigun edertasun ideala, eta horren atzean dauden ezkutuko interesak; bai eta hori lortu ezinaren ondorio pertsonalak eta sozialak ere.
  • Maitasun erromantikoaren eraikuntza soziokulturala, osagarritasuna aitzakia jartzen duena desberdintasunerako, eta autonomia pertsonala eta askatasuna kentzen diguten harremanetan murgilarazten gaituena.
  • Lanaren ikuspegi sexista, zainketa lanen erantzule egiten baikaitu –gutxien baloratuenak eta txartoen ordainduak- eta bigarren mailan eta prekarietatean kokatzen baikaitu enpleguaren banaketan.
  • Desioarekin dugun harremana, eta geure desioak aitortu eta asebetetzeko ezarri diguten ezgaitasuna, besteen desioak asebetetzeko prest egon behar horren aurrean.